Aurreko edizioren batean euskararen inguruko zerbait antolatu bada ere, euskal munduak inoiz ez du izan horrelako oihartzunik Oxfordeko Unibertsitate ospetsuan.
Etxepare Euskal Institutuaren irakurle Xabier Paya izan da ekimenaren sustatzaileetako bat. Mari Jose Olaziregi Institutuko euskararen sustapen eta hedakuntzarako zuzendaria ere han izango da bere ikerketaren berri ematen.
Katalana, galegoa, gaztelania, ingelesa eta portugesa ere entzungo dira euskararekin batera Oxforden. Jardunaldien hasierako hitzaldian esaterako, Bernardo Atxagak (Euskal Herria), Isabel Capeloa Gilek (Portugal), Josep Anton Fernándezek (Catalunya), Jose Manuel Sandek (Galiza) eta Rob Stonek (UK) hartuko dute hitza.
Inmigrazio korronteek eta hedabide zein teknologietarako sarbideek herrien izaera ulertzeko eta azaltzeko moduan eragindako aldaketak aztertuko dituzte. Beraz, hizkuntza, identitatea eta kultura bezalako gaiak izango dituzte hizpide hizlariek literatura eta zinema bezalako esparruetan.
Jardunaldien inguruko xehetasun gehiago (ordutegiak, informazio praktikoa, eta abar) euren webgunean bertan, National Identitites at the Intersection.
