“Obabakoak” liburua urte askoren emaitza da. Ipuingintzaren tradizio luze eta zabalaren sintesia lortzen du “Obabakoak”ek, Poe-rengandik XX. mendeko azken ipuinlarien lanetaraino: Maupassant, Txekhov, Villiers de L?Isle-Adam, Schowb, eta gertuagoko Waugh, Quiroga, Rulfo, Cortázar, Borges, Singer, Ipar Amerikako ipuin tradizioa, eta abar… Ahozko tradiziotik Joxe Arratibelen “Kontu zaharrak” eta “Auspoa” saila. XII. mendetik Europa liluratu duen Arabiako tradizio paregabea: “Mila gau eta bat gehiago”, Txinatik heldutako “Marco Poloren bidaia” fantasiatuak, eta abar. Azken batean, literatura oso baten hausnarketa eta sintesi bat eskaintzen du Atxagak bere liburuan. Literatura eta bizitza bera imajinatzeko modu bat, begiratu bat. Munduari eta gizakiari erantzuna emateko abiapuntu eta estilo bereizia. Sinbolismoaren eta erromantizismoaren garaietatik landu eta garatu den tradizioa izan da berea ere. Eta, hala ere, abangoardiak eta Modernitate ausartenak erakutsitako irakasbideei ez die Atxagak ukorik egin, horra “bost minututan nola ipuin bat idatzi” lezioa. Literatur tradizio zaharra, ahozkotasuna, Modernitatea, zer ez; dena dago egilearen eskura eta guztion ondare da dagoeneko. Ondare aberats horrekin zer egin, horra Atxagaren azierto zoragarria.
27 hizkuntzatara itzulia, Euskadi Saria, Espainiako Narratiba Saria eta Kritikaren Saria irabazi zituen idazleak lan horri esker, eta European Literary Award sarian finalista izan zen.





















































